Euskaraz barra-barra
Zer da?
Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da Euskaraz barra-barra. Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa.
Euskaraz norekin? Non? Noiz? Inoiz galdera hauek egin badizkiozu zure buruari, marka berri honek bidea argitzen lagunduko dizu; ikusten duzun tokian, euskara erabiltzeko aukera bermatuko baitizu. Herri eta hiri batzuetan hasi eta urtetik urtera Euskal Herri osora zabalduko den egitasmo hau aukera leiho bat da guztiontzat. Beraz, ikur hau ikusten duzunean, egin euskaraz!
Helburuak
Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da erronka nagusia, jarraian azaltzen diren helburuak oinarri hartuta:
Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez
Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzea
Euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea
Euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea
Jatorria
Euskaraz barra-barra mezuak euskararen etengabeko erabilera islatzen du. Hori da markaren izena, lelo ere bihurtuta. Markaren izaera, muina, oinarria ideia argi batek barnebiltzen du: euskaraz uneoro eta nonahi egin daiteke, edo onomatopeiak sinonimo dituen hitzek dioten bezala: maiz, sarri edota etengabe.
Antolatzaileak
EUSKARAZ BARRA-BARRAren koordinazio mahaia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak osatzen dute. Era berean, koordinazio mahaiaz gain, Euskal Herriko erakunde publiko zein pribatu ugarik, tokian tokiko euskara batzordeek eta hamaika boluntario eta entitatek ere osatzen dute egitasmoaren antolakuntza. Sare zabala ari da ehuntzen eta Euskal Herri osora zabalduko da pixkanaka.
Nola parte hartu?
Parte hartzeko hiru modu daude:
Bat egin duten udalak arduratuko dira tokian toki egitasmoa sustatzeaz.
Egitasmoa martxan dagoen herrietako establezimendu orok egin dezake bat, betiere baldintzak bete eta bermatzen baditu.
Egitasmoari zentzua eta bizia emango diotenak herritarrak izango dira