Donostiako 1.456 establezimenduk badute Euskaraz barra-barra bereizgarria

Fecha de publicación: 

Donostiako 1.456 establezimenduk eskuratu dute Euskaraz barra-barra bereizgarria, 2022ko udazkenean Udalak aurretik Hemen ere euskaraz egitasmoarekin bat eginda zeuden establezimenduei marka berri bateratua lehenengoz aurkeztu zienetik. Ordutik Euskara Zerbitzuak 2.701 establezimendu bisitatu ditu bereizgarriaren berri emateko eta, esan bezala, erdiek baino gehiagok bat egin dute markarekin. Auzoka, egitasmora atxikitako establezimendu gehien Grosen eta Amara Berrin daude; eta sektoreka, berriz, merkataritza sektorean.

Euskaraz barra-barra egitasmoak Donostian izan duen harrera onaren berri emateko  prentsaurrekoa eman du aste honetan Donostiako Udalak, hiriko merkataritzako eta ostalaritzako elkarte eta erakundeetako ordezkariek lagunduta. Udaleko Euskara zinegotzi Jon Insasustik emandako datuen arabera, E// bereizgarria duten establezimenduetan 5.916 langile ari dira jendaurrean, eta horietatik 10etik 9k euskaraz ulertzeko gaitasuna du. Zentzu horretan, Insaustik herritarrak animatu  egin ditu Donostiako saltokietan eta tabernetan euskaraz egitera.

Udazkenean bisitekin jarraituko du Udalak

Aurtengo udazkenean Donostiako Udalak establezimenduak bisitatzen jarraituko du. Horrez gain, egitasmoari ikusgarritasuna emateko asmoz e// ikurra duten telazko 5.000 poltsa banatuko ditu atxikitako establezimenduen artean, bezero euskaldunei opari gisa emateko. Ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da banaketa aldez aurretik eskaera egin duten establezimenduetan.